Hainbat gudu historikoren lekuko izan da Durako zubia. Espainian Napoleonen okupazioaren amaiera Durako zubi honekin lotuta dago, hemen 1813ko ekainean frantsesei jipoi ederra eman zitzaielako. Zubia Gasteizko Borrokaren aritokietako bat izan zen, penintsulako frantziarren ihesaldia azkartu zuen eta Napoleonen amaieraren hasiera ekarri zuen gudu ospetsua izan zen. 12 ordu eta hainbat borroka-tokiren ondorean, bi aldeetako 12.000 gudamutil baino gehiago hil ziren Gasteizen eta inguruetan.
Wellingtongo dukearen eta Araba jeneralaren tropek Errege Bidearen kontrola hartu zuten, hura baitzen Frantziarako komunikazio-bide nagusia, eta Napoleonen soldaduek etsi-etsian ihes egin zuten hegoalderantz, Iruñera bidean. “Zurbaoko paduren” lur zingiratsuaren ondorioz, milaka gurdi geratu ziren harrapatuta. Landetan sakabanatuta, Frantziako karabanaren hondakinak agertu ziren, altxor eta artelan espoliatuekin.
Hiru mende lehenago, 1521ean, Aguraingo konde boteretsuak, Pedro de Ayalak, Gaztelako komuneroen altxamendu herrikoiaren alde, Karlos V.aren armada inperialaren aurkako gudu egin zuen hemen. Arabako gizon boteretsuenaren matxinada enperadorearen aurka -arrazoi pertsonalengatik gehiago aburu ideologikoagatik baino- porrotarekin amaitu zen, baina garrantzi handia izan zuen Arabako lurralde-nobleziaren eta Erdi Aroko erregimenaren amaierarako.