Victoria Palacios’ Oion bezalakoxea da, bere herria bezala; bere gotorlekuak aprobetxatzen jakinda hazi da berarekin. Vitori etorki luze bateko lehena jaio zen, batez ere ahal zen hobekien lan egiten eta aurrera ateratzen irakatsi zion sendi batean, Oionek ere mahastien eta merkataritzaren munduan lehentasunezko tokia egin nahi zuen garai batean.
Tikitatik, aitarekin batera ikasi zuen landan lan egiten, eta mahats-bilketa senideen artean egiten zuten, elkarri lagunduz ohi legez. “Nik labanaz eta aitoz mahats-okoak edo mordoak mozten nituen. Ondo baino hobeto nekien mahatsa zapaltzen, barruko zukua idokitearren, gogoratzen du.
Eta lan egiteko adina bazuen, otorduetan ardo-zurrutada bat edateko ere bai, etxean oso ohikoa baitzen, 10 urteko neskatila zelarik. Porroia izaiten zen, eta otorduetan baino ez.

Vitoriren ezkon-senideak, Sarabiatarrak denak. Alvaro Sarabiak Oiongo Udalari utzitako argazkia
Ardoa nahi beste eta urgozoarekin
Familiaren etxea enparantzan bertan zegoen, ‘Gaseosas Palacios’ izen handiko urgozoaren ekoitzi-lekua zen, hiru estaikoa. Botilak kristalezkoak ziren eta herriaren armarria edo mazmarroa zedukaten bereizgarri. Vitoriren nebak banatzen zituen, honegatixe “Manolo el de las gaseosas” esaten zioten, hots, “urgozoetako Manolo”.
Aitak etxean zedukan makinaz egiten zituen. Hantxe bertan ardoa gordetzen zen eta gela batean olio-upelak zeduzkaten.

Sendiaren etxea, berriztatu aurrekoa. Sendiaren bilduma.
Beste herri bat
Herria asko aldatu da Vitoriren 92 urte hauetan. Lehen, Oiongo sarrera dotorea zen, eta makalek errepidearen bi aldeak itzaltzen zituzten. Orduan oinez egiten zituzten Logroñotik honainoko bost kilometroak. Errepide nagusitik jaisten ziren eta ateetan geratzen ziren elkarrekin itzultzeko, neskak eta mutilak. Arabarekiko leialtasuna dute, baina beti Logroño hurbil eta bertora joan izan dira.
Gaur egun lantegiek egiten diote harrera bisitariari. 60ko hamarraldian industrializatzen hasi zen eta kanpoko jendea etorten hasi zen, “kanpotarrak” deitzen die Vitorik. “Benetako Oion, zuena, hilda eta lurperatuta dago”, berretsi dio Alvaro Sarabia bilobak. Orain inork ez ditu giltzak atean uzten, bera gazteago zenean egiten zuten bezala.
Aitonak iragartzen zuen. Hilerri berria egin behar zenean, ez zuen zalantzarik izan agintariei aholkatzeko hiribilduan eraiki ez zezaten, urrunago egiteko, herria beherantz haziko zela eta. Inork ez zion jaramonik egin eta gaur den egunean Oionek bi hilerri daduka, beste bat egin behar izan dute Moredarantz alderatuta.
Aitzinormetan armarriak
Vitori ez zen aitaren etxetik asko urrundu herriko mutil batekin, 26 urteko zela, ezkondu zenean. Plaza Nagusian bertan, etxe bat zegoen, lau bizitoki, bi ganbara eta ukuiluak zeduzkana, aitzineko horman armarri edo mazmarro ederra eta guzti, hots, izen handiko eraikin zahar horietariko bat.
Plazara balkoia zuten bizietxe haietako batean jarri ziren, eta ukuiluetan denda bat ireki zuten. Berak soroan lan egiteari utzi zion, salmahaiaren atzean era guztietako elikagaiak eta garbiketarako produktuak saltzen aritzeko; bitartean, Tomas senarrak, lurra lantzen eta Salcedo aulki fabrikan jarduten zuen. Oionen hazkunde industrialeko urte haietan jarri zen lehenengoetako bat izan zen aulki-lantegi hura.
Oso ordutegi zehatzik bage, eguerdian ixten bazuen ere auzokideak ezorduetan ere behar zutenaren bila joaiten zitzaizkion, eta Vitori beti lanean, eta hala ere bizi-toki haretan goxo zegoen. Handik dantza egin ohi zen lekura tarte luzerik ez eta musika biziki maite zuen, jotak eta pasodobleak, hots, “urraspikoak”, batez ere, “baina ez orain sartu duten txistua”.

Jauretxe edo oinetxe bat armarriduna, 1943. Gasteizko Udal Artxiboak utzitakoa. E. Guinea
Ordutik bizitza hagitz aldatu dela dio, gaur egun “askakeria, eta lotsabageak, lehen emakumeenganako begirune gehiago zegoen bitartean”.
Apurka-apurka, beste bizitokiak hutsik geratu ahala, Vitorik Tomasekin erosi izan zituen eta egungo egunean eraikin osoa beraiena da. Lehengo askotariko denda gaur egun ardanetxe bihurtu da, semeak kudeatzen duena.

Álvaro Oiongo elizako organo bikainean
Disney-gatik organo-jotzaile
Alvaro Sarabia 26 urteko gaztea harrigarria da bere herriaren historia, kultura eta antzearekin duen konpromisoagatik. Santa María de la Redondan organo jotzaile, Logroñoko Konkatedrala da hori, Oionen eta inguruko beste herri askotan, beti liturgiaren zerbitzura, meza nagusi eta hiletetan.
Disneyrekin eta Karibeko Itsaslapurrak filmaren bigarren emanaldiarekin hasi zen dena, artean haurra zela. Han ohartu zen holandar alderraiaren ganbaran hodi-organo bat zegoela, eta lotura handia zuela haraindikoarekin, arimekin eta naturaz gaindikoarekin. Une horretatik aurrera, elizara joaiten zen bakoitzean korura igaiten zen, eta han zegoen organo ikaragarria, ikaragarri handia.
Bi urte geeroago erretoreak elizako giltza utzi zion eta ordudanik entsegu eta autoikaskuntzarako ordu eta orduak izan dira; “ni ez naiz ikasgelara joan organo joten ikastera”.
Gaur egun Oionen, inguruko herrietako jai ospetsuetan eta Logroñon egitaldi orotarako organolaria da, bere herriko abesbatza zuzentzeaz gain. Hala ere, berea antze plastikoak dira.

Katxi jardunean, 1989an. Gasteizko Udal Artxiboa. I. Saenz de Urturi.
Katxi
inguruko herrietako jaietan laguntzen duten pertsonaiak ezagutzeko eta irudimenezko mundu horri guztiorri zentzua emaiteko.

“Katxia arlekina da, eta antzinatasunagatik begirunea zor zaio, ez dut atsegin, beraz, bufoi edo memel esatea”, dio errime. Katxia txarangak gidatuz ateratzen zen jendea iratzartera, baina garrantzitsuena San Bizente eta San Anastasio jaietan, urtarrilaren 21ean eta 22an, udaletxearen eta elizaren oinetan iraulkatzen dela, ihalozka ekiten zaiola auzokideei bere errespetua eskaintzeko.
Herritarrei begirunea adierazteko bufoi janzten den herriko pertsonarik aberatsena da. XVI. mendetik agertzen da eta askotariko janzkerez estali izan da. asko eta asko jantzi ditu. Herrialdeko egoera politikoa nola eta bera era batez edo bestez jantzi izan da, errepublika garaian, adibidez, margo errepublikarrez janzten zen, orainaldian berde-gorriz janzten da.

Olio-errota
Olibondoak Oionen aspaldidanik datozen zerak dira, ez dira atzo goizeko zuhaitzak hemen, mahatsondoak ez diren bezalaxe, eta olibak daduzkanak mahatsak ere badaduzka, eta alderantziz. Abenduan biltzen da, eta oliba, garbitu ondorean, olio-eihera edo errotara eramaiten da, Trujal esaten dioten tokira hain zuzen. Oionen olioa egiteko ardura izan duen kooperatiba San Vicente izan da, duela urte gutxi itxi zutena, mende erdi baino gehiagoz ibili eta gero.
“El Trujaleko lanen amaiera jaialdi batez ospatzen zen: El Trujal arrantxoa zeritzona, Arabako Mendialdeko lusagarrez, Bermeoko bakailaoz, Oiongo baratzetako piperrez, eta olio berrizko txorrotada eskuzabal batez egindako otordua zen”.
“OYÓN El pueblo que surgió junto a la fuente milenaria”
Manuel González Pastor