OROIMENEZ GIDATURIK GOZARTZEKO BIDE BAT

Arabako Herriak - Amamengandik bilobengana
Amamengandik bilobengana bilobengana

Kronistak

Kronistak, oroitzaren zaintzaileak beren herriko ezagugarri berezirean batean sakondu duten pertsonak dira, euren jakituria handitzeaz gain dakitena bildu eta besteei helarazten saiatzen direnak.

Arima herrimaite horiei esker, Arabak gaur egun arlo eta era askotan ikaskuntza katalogo zabala du, tokian tokiko alderdietan barreneratzen baitira, edozein motatakoak (izadia, gizartea, ekonomia…)

Alberto Martínez


Alberto Martínez, Tito, urteak dira blog bat irekita dagoela, eta bertan bere herriaren historiako hainbat altxor iraultzen du ikusgai izan dadin. Erdi Aroko hiribildu zen herri honetako bizilagun zaharren antzinako bizieraren maitatzaile eta biltzaile nekaezina da, eta Artziniegaren lehengo-oraingo gertaera nabarmen eta gogoangarri batzuk jaso ohi ditu.

Arkeologia, tokizendegia, Karlistaldiak, kirolak eta jaiak, besteak beste, edukiten ditu historiazko blog horretan. Testuen artean, esalditik esaldira, argazki batzuk, leheneko bizimodua ikus-ikastearren argigarri eta zehazkarri direnak.

Hasiera

Alberto Plata

Añanako Gatz Haranaz gehien dakien laguna da, eiki, bere bizitza gesaltzara emanikoa, 2007an EHUn doktore-tesia aurkeztu zuenaz gero.

Arkeologo honek, 2000az geroztik, Gatz Haranaren berreskuratzeko egitasmoa zuzentzen du. Aldi berean, Añanako Gatz Harana Fundazioko kultura, hedakuntza, turismo eta ikerkuntza sailaren arduraduna da, eta gaiaz hainbat liburu idatzitakoa.

Gure gomendioa:

LA COMUNIDAD DE PROPIETARIOS DEL VALLE SALADO DE AÑANA
Una historia de leyenda
Dr. Alberto Plata Montero

AÑAKO GATZ HARANA VALLE SALADO DE AÑANA
Hacia su recuperación integral
Mikel Landa Esparza
Alberto Plata Montero
Edita Diputación Foral de Álava

Angulo-tarrak

ZANBRANA HERRAN Jauregiko zaintzaileak eta beti Añana-Gesaltzari atxikiak: Valentín, aita, Gatzagak gazkileen elkarteko lehendakari izan zen, eta Andoni, semea, bere sinitarte guztien antzera Gatz Harana maite duena. Jauregi enblematikoa zaharberritzeari ekin zaio, adiguriz, arretaz eta ahaleginez.

Argazkilariak

Pascual Oñate (1844-1905) eta semea, Emilio Oñate Reynares (1887-1918) lanbidez sendagilea, Bastidan Arabako lehenengoetako argazki-ikasgua ireki zutenak izan ziren. 1878an Gasteizen jarri ziren, eta argazki-makinak ekoitzi ere ekoizten zituzten.

Haien argazkiei esker, gehienak senideen artekoak, Arabako paisaia eta bizierak, bai landa-herriko bai hiriko, berrikuskatzen dira, Arabako Errioxakoak batik bat, eta Errioxa eta Burgoskoak ere bai.

Arabako Herrial, Amamengandik bilobengana
Artea Elkartea

1997an herriko jaietan gazte talde batek gauza zaharren erakusketa bat antolatu zuen. Oso ondo hartua izan zen, jakinmina gero eta handiagoa, eta herriko zein eskualdeko lanbide zaharren tresna, lanabes eta tramakulurik asko bildu izan zen.

1981ean, herriaren historiaz ardura hartutako talde horrek Museo Etnografiko bat osatzeko izapideak hasi zituen, eta hiru urte geroago lehenbiziz atea ireki zen. Hasiera haretan Arteako Santutegiko zaltokian kokatu zen, eta 2004az gero herriko erdialdean dagoen eraikin batera aldatu zen, behiala irakaskuntza arloan erabilitako etxandi zaharberritu batera, hain zuzen.

Gaur egun, leku eder horretantxe dihardu, jaso eta bil eta erakuts, eta Artziniegako bizilagun guztiak erakarri ohi ditu, antzinako gauzez-eta antolatzen dituen egitaldi guztietan esku hartzaile, oroitza beti berrituz.

Elkarteko lehendakaria, Paki Ofizialdegi, parpailazko lanetan, Museo Biziko erakusketa batean. Argazki hau Museo Etnografikoak utzitakoa da.

Aztarna

Aztarna Elkarte Etnografikoak ondare historikoaren ikertzea eta sustatzea du helburu eta ardura, Amurrio eta Aiaraldeko ohiturak, bizierak, eta gertaerak haintzat harturik.

Hainbat aldizkari eta liburu argitaratu izaitea haren lan burutua izan da, historiako beredin gaiez eta bestez, lau mila baino argazki gehiago buldurik, ahanzturatik jasorik, egun digitalizaturik, eta milaka gauzaki etnografiko baturik dago, dena museo-leku bikain batean ikusgai dadukana, beti ere eskualdeko herritarren laguntzagatik, herriaren oroitzapenak herriarengandik hartuak baitira. Erakusketa zabal honen barruan, Euskal Herri-Zeramikaren Bilduma, Euskal Herri guztiko onenetakotzat hartua dena.

Gure historiaren sustatzeko eta berreskuratzeko lan honen sorburuan, Felix Murga apaiza zegoen, bere bizialdian Amurrio-Aiaraldeko etnografo eta arkeologo lanetara guztiz emana izan baitzen. Aztarna haren legatua kudeatzeko ardura hartu duena da, Arabako eskualde honen iragana, garapena eta bilakaera aztertu eta ezagutzera eman nahi du eta.
www.aztarna.es

www.aztarna.es

Edorta Loma

Bere ahaikoa, XVI. mendetik hona gatzari lotua izan da, eta Edorta Loma’ Gazkile Maisua da. Lan eta ikas, gogor jarduten du hainbat lanbidetan, gaztokien mantenutik hasi eta gatza bildu artekoak.

Gatz Harana “dorlaz dorla” ezagutzen du, garaian garaikoari egokituz eta klima aldaketari begira aritzen da. Nor izango du ondoreango?

Ernesto García Fernández

“La Villa de Peñacerrada y sus aldeas en la Edad Media” liburuaren egilea Historiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Erdi Aroko Historiako irakasle titularra.

Euskal Erdi Aroko gizarteari buruzko artikulu eta liburu ugari idatzi du. Dena aztertu du: Arabako mendialdeko leinu garrantzitsuenak, Urizaharraren jatorri misteriotsuak, Arabako anaigoetan sartu izana eta Gaztelako erresuman esku hartu izana.

Félix López López de Ullíbarri

Félix López López de Ullibarri Arabako Foru Aldundiko Museoen Zerbitzuko burua eta Urizaharrako Administrazio Batzarreko zuzendaria izan zen. Arabako Mendialdearen eta iraganaren zale kartsua da.

Urizaharrako Aire Zabaleko Museo Etnografikoaren lanari esker, egun ibilbide historikoa egin dezakegu 200 tresna, eultzi-bilduma interesgarri, paketatzeko makina, motore eta abarren bidez. Oso adiarazgarriak dira, eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren munduaren berri emaiten dute, baita eskulanetatik nekazaritzako mekanizaziora izan den trantsizioaren berri ere.

Fernando Sánchez Aranaz

Barrundiara 80ko hamarraldian etorri zen, Mendixurreko baserri bat zaharberritu eta bere bizietxe bihurtu zuen, Euskadiko urtegi handienetik, Uribarri-Ganboatik, oso gertu.Garai haretan, lehorteak gogor zigortu zituen Arabako Lautadako lurrak, eta urtegia agortu egin zen. Lur pitzatuaren hondo haretan herri urperatuen aurriak azaleratuz joan ziren, 1958an, ingeniaritza-lan handi hura egin zenean.

Historialari, idazle eta kazetari honek, egunoro inguru haretan paseatzen zenak, han bizi izan zirenekiko jakin-mina sentitu zuen, alde egin behar izan zuten herri horietako bizilagun izandakoekiko, bizitza oso bat atzean utzi eta beraien etxeak urtegiko urek irentsi zituztelako. Hortik aurrera, Fernando Sánchez de Aranaz herri horien oroimena berreskuratzeko aritu zen lanean, eta Barrundiaren historian sakonduz joan zen. Egungo egunean, Barrundiaren bilakaera historikoaren aditua da, eta bere jakituria “Arabako Herriak”-ekin partekatzeagatik izan duen eskuzabaltasuna eskertzen diogu, eta Gebaratarren gazteluaren historia idatzi digulako ere bai.

Gros auzoko donostiar historialari, idazle eta kazetari honek gizarte-mugimenduen munduan eta kultur kudeaketaren arloan lan egin du. Hainbat hedabidetako kolaboratzailea da, eta hainbat liburu argitaratu ditu. Kultura eta turismo kudeaketari buruz: “Manual de Senderismo” edo “Comer en la Llanada”.

Historiari dagokionez, “La Batalla de Vitoria”, “Historia de la Guerra en Bosnia” eta “Vasconia de Ducado a Reino” argitaratu ditu. Narratiba arloan eleberri batzuen egilea da, “Wouiwre” eta “Íñigo de Loiola, tribulaciones entre Navarra y Roma” hain zuzen, antzerkia ere idatzi du, “Martin Ttipia” izenekoa. Haren azken liburuak hauek: “Pájaros de Alas Cortadas” (eleberria). Ediciones Europa, Madrid 2020 eta “Ensaladas Pirenaicas” (kontakizunak), Autografía Ediciones, Barcelona 2021.

Jesús Elorza

Gure lehen laguna izan da Urizaharrako karriketan. Elizako giltzak daduzka eta oso modu atseginean erakutsi zigun, berak eta beste guti batzuek ezagutzen dituzten istorio eta gertakari ugari kontatzeaz batera, bizitza osoa herrian eman baitu.

Jesusek (90 urte) duela guti arte urtero Gabonetan La Herrera mendateko jaiotza ospetsua ipinten zuen, Arabako Errioxara doan errepidean, alegia.

Jesús María Pérez García

Bastidako kronista, Hiribilduaren historiari buruzko liburu baten egilea da, Udalak argitaratua. “La M.N. y M-L. VILLA DE LABASTIDA” liburuan herria eta herritarrak zer zen eta ziren, zer den eta diren agerrarazten du, garai onak eta txarrak, ondare historikoa, idiosinkrasia, hots, Bastida hiribildu berezi eta bakarra eraiki duten izerak.

José Ignacio Zuñiga

Nafarroatik etorria, Ignacio duela hogei urte baino gehiagodanik Bastidan bizi da.

Atzoko munduaren maitale, bere etxean antzinako lanetan-eta erabili ohi ziren tresnen bilduma daduka. Herriko argazki zaharren bilduma batzuk ere badadutza eta adeitsuro utzi dizkigu.

Eskerrik asko, Ignacio!

Juan Carlos Abascal

Gaubea haranaren eta haraneko ikertzaile, Juan Carlos Abascal, Euskalerriaren Adiskideen Elkarte-ko kidea da (XVIII. mendean sortua, kultura, zientzia, beraz, jakintza sustatzekoa), Urrezko Zeledon delakoan ohorezko bazkidea, Landazuri Elkarte-ko batzordekide ere bada (duela 30 urte sortu zen talde zibiko-kultural arabarra).

Juan Carlos-i entzun eta irakurri behar zaio. Historia jaulkiteko era atsegintsuagatik eta dakien guztiagatik benetan luxua da. 40 urtez baino gehiagoz banku batean lan egin zuen, eta Gaubearen historiari dion jaiera, agian, bere emazte den Maria Eugenia Azpeitiagandik datorkio, haraneko sendagilea izan baitzen.

Eskualdeko aldizkarietan maiz idazten du, baina bi liburu ere argitaratu ditu. Pdf-ra sartzeko hona hemen izenburuak:

  • Valle de Valdegovía, un paseo por su historia.
  • Apuntes de la Historia de Espejo
Kepa Ruiz de Eguino

Kepa Ruiz de Eguino jakingura handiak dituen gizona da, baina agian atseginen duena bere herriaren bilakaera ezagutzea da, iragan loriatsuaren sekretuak, atzokoak gaurkoa ondo ulertzeko duen garrantzia.
Aguraingo Kale Nagusian bertan jaioa, Kepak musika ona maite du, ez da aspertzen bere munduari argazkiak ateratzen eta historiaren zirrikituak artxiboetan bilatzen. Gizon eginkorra da, Aguraingo musika-bandaren kide eta antzerki-taldearen sortzaileetako bat.

Agurain udalerriko, eta bere hergoienetako halaber, ohiturak, ekanduak eta tokizenak azter eta biltzeko lanak argitaratu izan ditu. Agurain eta Iruraiz-Gauna herrietako zein Entzia eta Iturrieta mendilerroetako toponimia-mapak egin ditu.

Eta Arabako Etnografia Mintegiaren bidez, ekarpenak egiten segitzen du Euskal Herriko Atlas Etnografikoari, zehazki, honako bolumenei dagokienez: Nekazaritza, Artisautza eta hainbat lanbide, Jaiak eta Ekanduak.

Bere ikerketen ondorioz, Agurainen hitzaldiak eman eta erakusketak antolatzeko eskatu ohi zaio, eta herrian oso ezaguna da. Ikerketa gehienak salvatierra-agurain.com eta agurainberria.blogspot.com webguneetan argitaratu ditu 2011. urteaz geroztik. Beste egile batzuekin batera, Agurain udalerriaren eta Arabako Lautadaren historia, ohikuntza, hirigintza, etnografia, antzee eta kulturari buruzko 300 artikulu baino gehiago zabaltzen ditu

Koldo Berruete

Haren amak Antoñana oso maite zuen eta Gaseizko Marianisten Ikastetxeko irakasle honek herriarekiko mitazarre hura jarauntsi du, eta harro dago. Koldok etxe ederra eraiki du, gurasoen etxeko lastategia zenaren gainean, pilota-tokiaren aurrean, bere aiton-amonek eman zituzten lurrretan.

Antoñanaren lehenaldiaz eta jendeaz liburu batzuk idatzi ditu, bere oroitzapenekin eta jakituriarekin eskuzabala dela ondo dakigu.

EN CUERPO Y ALMA
Sobre Antoñana y sus gentes
Koldo Berruete

MEMORIAS DE OTOÑO
22 relatos
Koldo Berruete

La Virgen del campo
Koldo Berruete

Loli García

Loli García Aletxan udaro ospatzen den olerki-topaketaren bultzatzailea da. Aletxa’ Maeztuko herrixka da, 40 bat lagun, intera, bizi da han, itsas-mailatik 750 metrotan eta aldapa batean.

Hasieran pertsona taldetto bat baino ez zen biltzen, olerkien errezitatzera, baina topaketa gero eta jendetsuago bihurtu izan da, eta, gainera, eskualdeko margolarien erakusketa ere antolatzen da gaur egun.

Argazki oina: Loli taldearen erdian

Oskar Anzuola

Arabako Mendialdean badago aldizkari bat, Mendialdea, eta zuzendari eta erredaktore nagusi izan da, kazetari honek badaki zer den pil-pilean Kanpezun eta inguruetan, badaki herriaren historia, eta, areago, barruhisoria, eta ongi bai ongi daki hori guztiori jaulkiten, aletzen, zorrotz eta aldi berean gozagarriro, sarritan gertaliskiz beterik.

Oskar laguntzaile aritzen da maiz paperezko prentsan bezala irratian ere bai. Arabako Mendialdea-Kanpezuko Kuadrillan gidari turistikoa da, eskualdeko orainaz eta bere turismo-bitartekoaz asko dakiena.

Paz Larrumbide Moreno

Haren liburu “La forja de una identidad. Araya pasado y presente”, Arabako Foru Aldundiak 2020an editatua, Asparrena zer zen eta zer den ulertzeko oinarrizkoa da. Arkitekto erretiratua eta Araia herriaz maitemindua, oso lan interesgarria egina da, herriaren historia berreskuratzearren, Ajuriaren lantegia, sendia eta langileak haintzat harturik (izan, herri guztia ia hor zen)

La forja de una identidad. Araya pasado y presente
Paz Larrumbide Moreno
Diputación Foral de Álava 2020

Próspero Aniz

Lau urte eman zuen Prospero Aniz-ek bere garaiko Kanpezuko kronika idazten. Jaulkipenean, zehatz eta mehatz orduko ohiturak eta mendialdean nola bizi zen aletzen eta azaltzen ditu; orduan ddena “erromantikoago zen, txiroago, kezkageago, etxe eta jende eta dena biziago. Ahal zen eran bizitzeko ekonomia gurea baina gauzarik asko egiten genuen”.

Prospero Arrabal kaleko (orduan Mola jenerala zen) etxe batean 1941ean jaio zen. Haren anaia Joaquin eskualdeko argazkilaria zen, eta, gaur den egunean Benidorm-en bizi arren, “ni lehenengo eta behin kanpezuarra naiz” dirausku.

*Liburua deskargatzeko:
CAMPEZO A MEDIADOS DEL SIGLO XX
Próspero Aniz

Rodrigo Varona

Rodrigo María Varona gizon adeitsua da, hitz eginzalea eta bere dorre-jauregian anfitrioi handia. Ahal badu, berak hartzen zaitu eta bere sendiaren historia eta istorioak aletzen dizkizu, Araban garrantzi handiko askazia berea.

Gaubea eta Gasteizen artean bizi da; kultua, leuna, maiorazkoko azkenengo jaraunslea da. Varona abizeneko jaunak Gaubeako jaunak ziren.

Orain arte 31 jaun izan dira ahaikoa hasi zenetik.

Rufino López de Alda

Maeztu gazte-gaztetatik bere ikasgai izan du, bere jorana. 16 urtetan, Arabako Mendialdean zehar ibili ohi zen beste garai zahar batzuetako aztarrenak bilatzen, eta halako egun batean, tximeletak sare batez ehizatzen ari zeino, López de Guereñu arabar argazkilari handiarekin buru egin zuen, berehala elkarren arteko hizketa hasi zen eta bizialdi osoa iraungo zuen harreman modu bat.

Beste lagun garrantzitsu batekin ere berdin gertatu zitzaion: Micaela Portilla, historialari handia, hain zuzen. Azokan eta bere osaba-izaben saltokian zegoen eta hara agertu zen emakume hari uraza bat saldu zion, eta urte batzuen buruan adiskide eta elkarlangileak izan ziren.

Rufinok, lanbidez eta ogibidez ingeniari teknikoa izanagatik ere, bizitza, hein baten, ikaskuntzari eta ikerkuntzari eman dio, Maeztu herriaren historia gehien bat aztertu duen ikerlaria dugu. Hamar bat liburu idatzita dago eta herri honen iraganaldiaz gehien dakien laguna dela esan daiteke.

Honatx harek idatzitako liburu batzuk, Gasteizko Santxo Jakituna Fundazioan eta Maeztuko Udal liburutegian aurki ditzakezunak:

  • Maestu, los Cerain y sus ferrerías.
  • Las familias alavesas de ayer (Egresiae Maestu).
  • La fábrica de asfaltos naturales de Maestu-Leorza.
  • Sobre nuestros viejos concejos rurales.
  • Algunas cuestiones relacionadas con Álava en el ámbito vasco.
Severino Pinedo

Gaubeako aazkenengo lurginetarik bat, 40 urtean lurra landutakoa, igitai eta idietatik traktorera iragaitearen lekukoa, 90 urte zuela nekazaritzan ibilitakoa. Severino alde honetako azken artaldearen artzaina ere izan zen.

91 urte eta Gaubean bakarrik bizi da –Tokero futbolari sona handikoaren aitaita– eta ortua lantzen du, iloba bat laguntzaile, bertan piperminak, tomateak, azak, porruak, eta denetarik erein eta landatu egiten du.

Gainera, interesgarria izango zaizu honako hauek aurkitzea...

01

Herriak

Ezagutu eta bisitatu behar dituzun Arabako herriak

02

Ezinbestekoak

Aukeratutako ehunka altxor zerorrek aurki ditzazun

03

Amamengandik bilobengana bilobengana

Leheneko oroitzapenak norberaren baitan

04

Biodibertsitatea

Xabier Ramos-en argazkien bidez

Amamengandik bilobengana bilobengana

Deskargatu PDF formatuan "Arabako herriak" ren katalogo guztiak

Arabako herrietako memoriak zurekin eraman nahi badituzu, baita konexiorik gabe ere, katalogoak PDF formatuan deskargatu eta edozein lekutan eta nahi duzun unean irakurri ahal izango dituzu.