Kantabria mendilerroa Arabako bi eskualderen muga eta elkargune da, batean Mendialdea bestean Errioxa, eta hor Toloño mendia eta bertan antzinako monasterio edo komentu baten aurriak, azken hormak lur joak, abantzu. Lekua, ohi den bezala, inguruetako herri guztietako lagunen biltoki da, urtean behin gutienez; izan ere, duela berrogeitaz urtetik hona, ekaineko lehenengo igandean erromeria edo basajai antzeko bat ospatzen da, goizean goizik Urizaharratik gora igorik.
Goian, gainean –10 kilometro inguruko bidaldia, gora-behera handirekin– pagope itzaltsutik ibili eta gero, gure begiak betetzeko eta gozatzeko ikuspegia dugu, lurraldean direnetarik politenetakoa. Monasterio zaharreko horma eroriak ibiltariaren zain, inoiz, aspaldi, lekua bide-gurutze eta otoiz-toki izan zela gogorarazten dizutenak.
Eraikin erlijioso haretaz zerbait dioen lehenbiziko idazkiak XIII-XIV. mendeetara garamatza. Independentzia Guduan frantsesek hartu zuten eta, azkenik, Lehenengo Karlistaldian suntsitu zuten.