Otsoak eta hartzak beti arriskugarri izan dira artzainentzat eta Arabako Mendialdeko herrien egunoroko bizitzarentzat. Etsiturik, nonbait, inguruko bizilagunak mehatxu hori suntsitzen saiatzen ziren, asmoz eta jakitez, burua erabiliz bai eta noiz edo noiz harrika eginez ere bai.
Oraindik orain ere, non dagozen jakitea erraza ez bada ere, otsarte zaharren aurriak edo herexak ikusten ahal dira, otsoak harrapatzeko leku bereziak hain zuzen, Apilaiz, Korres, Birgaragoien eta Erroeta herrietan. Otsarteak askotarikoak izan ohi ziren: batzuk mendiko zuloak edo zuloguneak egokiturik; beste leku batzuetan amildegi edo botxeak egokitzen ziren, otsoak eror zitezentzat, eta harrapagu horietara otsoak bideratzeko oholak, harrizko hormak eta antzekoak eraikitzen zituzten. Otsoa zuloan erorita, harrika edo makilaka “kalitzen” zuten, hiltzen. Erroetako otsartea “Callejones” esaten zioten lekuan eraikia zegoen, haitzean bertan bide antzeko iragazgu meharrak baliatuz.
Zakurrak lagun, makilak edo uheak eskuetan, otsoa uxatzera ateratzen ziren, kanpaiak joz ohartarazi ondorean. Harrapatzearen ordainetan dirua jasoten zen: “otsokumeak atzeman edo otsoa edo hartza hil duenari eman bekio zortzi dukat”, Izkiko mendietako Arautegiek ziotenez.
Gaur egun otsarte zahar haietako aztarrenetan informazio-oholak dagoz eta harako gizonen eta otsoen arteko gudu hura nolakotsua zen irudika daiteke.
- Otxarrateko otsartea (Korres)
- Callejonesko otsartea (Erroeta)
- Untzarrateko otsartea (Apilaiz)
- Otxaranako otsartea (Birgaragoien)
Ardiak alhan, bazkatzean, Apilaiz-en