Arabako zeramikagintza Agurainen bere gunean garrantzi handikoa zen, aurrerakuntza ere bai. Garairik oparoena XX. mendeko 30 urtealdia izan zen, “Cerámica Alavesa” izeneko industriarekin. 1912an Dimas Ugarte Merinok senideekin batera irasi zuen. Handik azuleiu polit-politak, euskal margolari batzuen irudiak zeramatzatenak ateratzen ziren, hala Arrue anaienak nola Gasteizko Obdulio Lopez de Uralde Villodas marrazkilarienak.
Orain aire zabaleko museoa dago eta Aguraingo hainbat horma apaintzen dute, euskal ekanduzko irudiekin. Beste langintza bat larrugintza zen, antzinadanik. Larruak ondu behar ziren eta honetarako Dolores Achak Julian Lopez de Heredia senarrarekin lehenengo larru-lantegia ireki zuten, horretan hasleak izan ziren. Larrua eta artilea ziren langaiak, ondu, ikuzi behar ziren eta 1938az gero Julián Lopez de Herediak ehun langile baino gehiago zituen, 2009an itxi zen arte. Larruak nazioartean ere ezagunak ziren, ukidura leuna, “goxua” zutelako. Lantegia, antzinako fabrika Arabako arkitektura industrialeko ikur bilakatu zen, adreiluzko tximinia eta guzti.