Birjina, noizbait, arte baten gainean agertu ei zen eta haren omenez hortxe santutegi bat eraiki zen, herri guztiarena dena, eta ikustalditto bat egitea merezi duen lekua da.
Aspaldi handitik, noizdanik jakitea zaila, Artziniegako leku berezia, giltza-leku esatearren, zeren, bertan herritarrak eta kanporean etorritakoak ere, biltzen ziren lekua baitzen eta baita, jaietan, sal-erosteko, bolo-jokoan aritzeko, otoitz eta erruki eske egiteko…
Abere-azoka oso ospe handikoa ospatzen zen. Erdi Aroan ostatu-etxe edo erromesen aterpetxe izan zen, eta behin edo behin bertan behera utzitako haurren etxe ere bihurtzen, elizako seroraren ardura eta zaintzapean utzirik. Arteko Birjina, 1812an Arabako patroikide izendatu zuten, baina izendapen hau ez zen baieztatu.
Santutegi barruan erretaula ohizgaineko bat dago agerpenaren miraria darakusana, adituek diotenez Euskadin dagozenetarik ederrenetako bat.
Tankera gotiko-flamenkokoa da, XV. mendearen azkenaldian eraikia, margoaniztasuna nabarmena du, begia erakarteko gauza. Ia osoa urrezko-geruza batez estalia. Ikustearren, argia piztu dadin, euro bat sartu behar da, argi-kutxan, eta zinez merezi du, Katedraletan ez bestetan ohiko den liluragai hau miresteagatik.