Okondon txakolina egitea ez da atzo goizetiko ohitura. Baserrietan mahatsak eta mahats haietatik halako ardo garratz xamarrak ekoizten ziren. Okondogoienan, Agirre etxea, “el txakoli” esaten diotena, eta lurrezko bolatokia ate ondoan, gure herri honetako txakolinaren historia bera da.
Astobitza upategi berriak antzinako edari haien egiteko erak eta ondorioak irauli ditu; gaur den egunean, mundu osoan ezaguna da, 42 herrialdetan salgai baitago.
Jandiola auzoan eraikia, lurrean erro-errotua dago. Etxeko leihotzar handietatik aldapan gora doazen mahastiak ikusgai eder eta begi-betegarri; motabakarreko ardoa ekoizten da, ehuneko ehun bertako mahats-motaz egina, Hondarribi Zuri gehienbat, Izkiriota ere sail tiki batean hazten da.