Gaubea harana, turismo eta zalapartatik at, hainbat zoko ezkututan altxorrez betea dago. Kulturan ondare luxuzkoa: baseliza eta eliza aurrerromanikoak, eta beste altxor onstendu batzuk.
Varona leinuaren dorre-jauregia arkitekturaz gain eta harrizko hormatzar ez arraituetan gordetzen duen ondareaz gaineko lekua da. Eta zutik eta onik badago, bertan bizi diren lagunen egunoroko bizitzari atxikia delako da.
Itzela, handi bezain eder, eta oraindik orain bizietxe da, eta Arabako historian eraikin enblematikoa. Itsasoa Gaztelako goi ordokiarekin lotzen zuen bidearen zaindari zen, gatza, arraina eta abar eraman-ekarri ohi zuten bidea baitzen.
690.urtean Ruiz Pérez sendiak lehenengo eraikina egin zuen, eta hiru belaunaldi iragota Varona abizenekoetara aldatu zen, borroka baten ondorioz, egun kondaira baina agian egiazkoa izan zitekeena. Eraiki zenaz geroztik beti askazi bereko lagunak bizi izan dira bertan, 40 belaunaldi, eta sendiko lehen seme edo primu guztiek Rodrigo izena ukan dute.
Lekuok ikustea, arkitekturaren joritasuna, aberastasuna mirestea, eta berdinik ez duen ondarea ederrestea Varona sendiari esker dugu, ondo kontserbatu baitu, eta gaur egungo Rodrigok harro zintzoaz erakusten du.
“Dorre hau eta sendi hau munduan bakarra eta bakana da eta dira, zeren, VII. mendeaz gero etorki berekoak bertan bizi baitira, belaunaldiz belaunaldi. Lehenseme edo primuek beti Rodrigo izena izan dute, harez geroztik orain arte. Varona leinuko jaunek Gaubeako jaunak izan dira. Egun arte, 31 jaun izan dira”.
Gaubea harana.
Juan Carlos Abascal Ruiz de Aguirre