Okondon auzo zahar bat dago, Otaola izenekoa. Urtarrilaren hogei guztietan San Sebastianen erromeria edo basajaia ospatzen da, baseliza xume baten patroia baita.
Jaia goizean hasten da, El Sentaje esaten dioten mendiko landarantz prozesio eginez, eta bertan gosaritokia.
Txingar goriek neguko hotza epeltzen dute, barru zein kanpo aldetik. Txistorrak, odolesteak, saiheskiñoak, xingarra edo urdaia… hamaiketakoa hasteko egokiak eta bukatzeko Erregeen Erroskoi zati bana. Edariak nahi eta zenbat-nahi, askotarikoak, ogia etxean egina eta alaitzeko txistuen eta trikitien soinuak, bertan bildutakoen alaigarri eta dantzarazgarri.
Eta jaieguna asteguna bada, hurrengo larunbatean errepika. Eguna amaitzera bidean doala, neskei, beti neskei, zuhaitz -mehe- bat ebakitzeko agintzen diete, aizkoraz noski, enbor luxanga -ez handia- herrira eraistearren, eta berau lepoan tabernaz taberna jaieguna amaitu arte.