Bi kilometro eta erdi, hori da Maeztu eta Atauri arteko distantzia, eta alderantziz. Mari Luz Olaldek ondo daki, bizitzan zehar ehunka aldiz ibili delako, oinez, txirrinduz, motoz, beribilez…
Bere bizialdia, batez ere, gure geografiako bi puntu horen artean irago da, izan ere, bere bizitzan bere sendia oinarri izan da.
Ataurin jaio zen, Ega ibaiaren hurbileko soinuak entzunez. Amaren baserriak, bere horretan hartu zuen lehen neskatoa zen, guztiek maite zutena, askazia zabal eta ondo moldatua osatu baitzuten.
Haren atzean neba bat baino ez…
Aitonak eta Urbano semeak errota-harriak konpontzen eta turtukiak eta beste pieza batzuk egiten zituzten. Arabako Lautada osoan eta Nafarroako alde batean zehar ibili ohi ziren, hara-hona beharrean.
Atauriko zubia
Zubi bat zegoen Ataurin, ibaiaren bi aldeak lotzen zituena. Haren oroitzapena eta egindako argazkiak geratzen dira.1737an zurezko zubi zahar bat, zaldain izateari utzi eta harrizko zubi sendo bihurtu zen.
90eko hamarraldian, zubia zerri-kamioi bat iragaitean hautsi zen, Ataurin orduan geratzen zen azken urdaldea zeraman, hain zuzen.
Asfalto lantegia
Bere aita Atauriko postaria zen eta arotza asfalto-fabrikan. Lantegiak posta-bidezko harreman ugari zerabilen, Maria Luzek gogoratzen duenez. Herrian nekazari edo luginen bat bazegoen, baina gehienek Asfaltos-en lan egiten zuten, Kanpezurako errepidean, tren-geltokia zegoen tokian.
Goizero, gizasemeak inguruko herri askotatik iristen ziren, gehienak txirrinduz edo trenez, “baina, adibidez, Korrestik astotto bategaz etorten ziren”. Atauri den bezalako sakanean jarduera etengabea zen.
Denek lantegian egiten zuten lan: Aletza, Maeztu, Apilaiz, Antoñana… eta abarrekoek.
“Anaia eta senarra ere lantegira joan izan ziren, denak bezala; fraide joaiten ez zena, apezgaitegira ez bazen, lanera joaiten baitzen”.
Herriko bizitza langileen igoera-jaitsierek markatzen zuten, baita trenak ere. Fabrikaren jabeak lantegiko eraikinean berean bizi ziren.
Eta Mari Luz, ezkondu zenean, han ere bizi izan zen. “Enpresak bizitokia oparitzen zigun, eta gastuak ordaintzen zituen, beste inora joan ez gintezen”.
Lehen begi-ukaldiko maitasuna
Mari Luzek Julio Martínez de Lahidalga ezagutu zuen egunean ez zen ezer aurreikusi bezala gertatu. Elortzako jaiak ziren. Egun haretan, Atauriko neskak Kanpezura joan ziren filme bat ikustera, eta Mari Luzi gurasoek ez zioten joaiten utzi.
Hara ordez, Blanquitari, parrokoaren arrebari, Elortzara lagundu zion. Oinez joan ziren, noski: orduan ia dena hala egiten baitzen, oinez noranahi.
Zoriak ekaitz handi bat ekarri nahi izan zuen arratsalde haretan, eta bi adiskideak ezin izan ziren etxera itzuli lo egitera. Lehen aldia zen abaldu ondorean dantzara ateratzen zena. Gogoan du, oraindik, beste ohe batean lo egiteko ilusioa.
15 urterekin eta artilezko galtzerdiak aztaletan jantzirik, artean, izan ere garai haietan txapinak “ez ziren kentzen zetazko galtzerdiak jantzi arte”; ezerk ez zuen eragotzi Julio ezagutzea eta haien artean lehen begiratuko maitasuna sortzea, bizitza osorako elkartu zituena.
Beti besteen zaintzen
Mari Luz eta Julio 1959an ezkondu ziren eta bizitzera lantegira joan ziren, eta noizbait “esperantxetan” geratu. Han Ana jaio zen, alaba nagusia, ea gero bigarrena jaioko zen. 1963an Maezturatu ziren. Berton Julioren gurasoek egun Mari Luz bizi den etxea eraikita zedukaten. Haiek beheko bizitokian eta gazteak alabattoekin goikoan.
1982an neba ezkongea hil zen, eta Mari Luzen gurasoak bakarrik geratu ziren, Ataurin, eta berriz ere Ega ibaiaren ondoko sortetxera itzuli zen. Hogei urte geroago, Julioren gurasoak hilik, beste behin Maeztura.“Nire bizitza halakoa izan da: gaztetan alabak zainduz, adinetan heldu ondorean gurasoak zainduz. Ez dut damurik”. Biloben zainketan ere pozarren, eta Olatz biloba horregatik zoriontsu.
Vespa eta 600a
Juliok “vespa” zedukan, orduko motoa. Joan-etorrian ibilteko gehienetan motoz, bai eta alabattoak eroan behar zituztenean ere, Atauritik Maeztura eta alderantziz. Behin Juliok esan eta motoa Mari Luzek hartu zuen, erosketak egitera joaiteko. Hartu bai eta beldurtu ere sarri, eta beste behin ez, atzeko jarlekuan erosoago eta lasaiago, nonbait.
Atauri-Maeztuetan prakez jantzi zen lehenengoa izan zen. Marroiak ziren, ehunezkoak. Kasko bat ere erabilten zuen. Vespa harezaz Madrileraino iritsi ziren, lehen beribila erostera hain zuzen. “600” bat; orduan esaera zen “iparraldean beribil-azpiak andeatzenago zirela”.
Maeztun kanpan-jotzaile
Mari Luz gaur egun larogei urte baino gehiagoko emakume itxura onekoa da. Urteetan, Maeztuko elizan behar eta kanpan-jotzaile, kapilau eta zernahi izan da. Etxeak behar eta bideak ekarri, esaera den bezala.
Aldarean janzten laguntzen du, irakurri ere egiten, eliz-batzarrera joaiten, eta kanpaiak ere joiten ditu, ez antzinan bezala bai elektrindarraren laguntzaz, etengailua erabiliz.
Garaiotan ez da inor guti joaiten mezatara, zaharrak baino ez, baina Mari Luzek oraindik gogoan ditu eliza betetzen zen garai haiek, bigarren kanpaikada jo eta berehala, arin bai arin, lekua hartzearren elizaratzen zenekoak.
Bilobak elizara zale ez izaiteak ez du harritzen Mari Luz, gogoko ez izan arren, badaki biziera aldatu dena eta bera ere moldatu izan da, jakituriaz eta begirunez bizimodu berrietara egin da.
Trenttoaren maketak
Olatz Ruiz de Alegría Martínez de Lahidalga aitona-amonekin bizi izan da. Julio, benetako eskutrebe, Vasco-Navarro trenbideko geltokien maketak eraikitzen iaioa zen, eta Olatz aitonaren eskulanok ikusten hazi da, eta amona Mari Luzekin, asteburuetan, ibaira joiaten zen, Ataurin, amuarrain ttikien antzekoak ziren txipak edo ezkailuak arrantzatzen saiatzera. “Ez genuen bat bera ere harrapatzen, baina arratsalde osoa emaiten genuen olgetan”.
Orain Maeztun bizi dira biak, amona-bilobak; Olatz irakaslea da eta bere familia du. Hemen, bere bikotekideak, Luis Parrak, oilo zoriontsuak hazten ditu oilategi ttikietan, baratzea ere badaduka, ardiak ere bai, eta ekoizten duena Gasteizen saltzen du edota atez ate, lan neketsua, berak bere gain hartu duena.
Hemen oso ondo bizi da, hirira joan beharrik bage. Bi taberna dagoz, gizarte-etxe esan dakieke, baina Olatzi lagunekin biltzea atsegin zaio, batez ere, norbaiten etxean edo El Potron, herrian dagoen txokoan, euro baten truke erreserba egin eta erabil dezaketena. Lehen zaldiei perrak edo gailak ipinteko lekua zen, honegatik “potro” izena, eta orain bizitza berri bat eman zaio, polito, herritarrentzako txoko bihurturik.