Arratsaldero Libe eta Primis ibiltera atera ohi dira. Herrian zehar ibili, beti lagunen batekin bat egitera eta ezagunak dituzten leku betikoetara.
Zuhatzako basetxe batean jaio ziren ahizpak dira, aurreko mendean, hogeita hamargarren hamarraldian jaio eta harez geroztik, hots, betidanik, esan ohi den legez, paisaia honetako osagai dira.
Libe, zaharrena, herriko plazan bizi da, egungo enparantzan ez antzinakoan, bi solairuko etxe bere senarrak anaiagaz eraikitako batean. Aurrean, baina asago, Primisen etxea dago, bere ume ugariak biltzeko sabaipea. Haien bien arteko tartea horixe, horren baten; goizoro batak bestea ikusteko adinakoa, batak gosaldu aurrez leiho-sareak zabaltzen dituenean, eta bestea bere loreei ur emaitera edo terraza ekortzera, iñarraz garbitzera alegia, jalgiten denean. Elkar ikusteke ere elkar sumatzen dute, elkarrekin sentitzen dira, eta arratsalderoko ibilaldiñoa, osterattoa, egiterako ordura arte elkarri itxaroten diote.
Basoa beldurgarria zen
Haurtzaroa oroitzapen onez betea dute, eta ez dute ahanzten sendiaren argazki bat egin nahi zutenean amak hiru alabak Bilbora eroan zituela, ile-apaindegira.
Maila oneko jendea zen, eta haiek Zuhatzako eskolan hamalau urtera arte ikasten ibili ziren. Honegatik ere, behiak jezten edo etxeko zapiak ikuzten laster ikasi zuten. Garai haietan denbora beste abiadura batez ibilten zen, beste neurri batez neurtzen zen.
Bazter guztiak baso, eta haien beldurrik handiena “sakamanteka” zen , haurren beldurtzeko erabili ohi zen pertsonaia. Berau aipatzean, Primis zalantzaz mintzo da, batetik bazen edo ez zen, eta bestetik, haurren iñoxotasunaz barre dagi.
Sendia eta taberna (ordurik ez)
Libe Benitorekin ezkondu eta gero Okondoratu zen. Lehen semea etxean utzi zuen, bere amaren eta ahizpen pentsutan. Senarrak zerrategian eta berak tabernan lan egiten zuten. Padura zeritzon basetxeko behealdea zen taberna, elizaren aurrean. Liberen ardandegi hura, gaur egun, Txaparroren txiriboga da, herrian dagoenik zaharrena.
Orain solairu batzuetako etxe bateko etxabea da, baina aspaldi haretan, atari handiko basetxeko txokoan zegoen, jatorragoa beraz orduko edatokia. Ez zen inoiz ixten, gauean ez bazen; izan ere, gauez Libek zenbakiak egiten zituen, ikasteko eta tabernan kontuak ondo eramaiteko, zenbat ordain eta zenbat jaso behar eta.
“Gaisotuak tabernara etorten ziren sendatzera, eta ni sukaldari bezala erizain nintzen, eta tabernako mirabe aldi berean eta ahal nuenean trikot egiten nuen, tarteka-tarteka”.
Eta San Sebastian egunean, Otaolan basajai egin eta gero jaisten zen giza-aldra guztia, handik tabernatik iragaiten zen; bisigu gozo-gozoa, Libek maitte-maitte prestatua gozotoro jatera.
Herriko sendagile, Antonio Ipiña jauna “hortik nondibait etorritakoa”, bizitza osoan Liberen etxean egon zen, apopilo esaten zen moduan. Elkarri beti “zuka” egiten zioten, elkarrenganako begirunez –antzinan ohi legez – eta beti hala. Janaria logelara eraman ohi zion eta Eguberrietan baino ez zen sendiko besteekin jaten, sukaldean.
Medikua hil zenean Libek ehorzketa-egipide guztiak egin zituen; “haren senitarterik bat ere ez zen agertu”, eta gaur den egunean, oraindik, 91 urteko dela, hilerrian dagoen haren sendagile haren hobiaz arduratzen da. “Okondon lurperatua dadukat”, diosku, malenkoniaz.
Egunean-egunean bizi
Eta Primis, ahizpa, Sebas ezagutu aitzin, bere senar eta 10 seme-alaben aita!, bazen txirrindu-duna. Aiaraldeko aldats eta aldapa guztiak igaiten zituen.
Hamazortzi urte beterik, bere amarekin Urduñara joan zen, oinez, zapatak erostera, eta, azkenik, mediak jantzi zituen. Hauek, berriz, oztoporik ez Laudioraino txirrinduz joaiteko, gora eta behera kilometro batzuk, gonaz eta takoidun oskiz jantzirik.
Garai haietako neskak ez ziren prakaz janzten, eta bi ahizpok ezkondu eta urte batzuk geroago arte ez ziren prakadun bilakatu; beraien alabak, ostera, tiki-tikitatik petodun prakez jantzita ibili izan dituzte.
Berentzat ez zena, belaunaldi berrientzat bai, hala ikusten zuten, beti egunean egunekoa eta bizi-modua eta modarekin batera beti nahi izan dute. Tabernetara ez ziren joaiten, dantzara bai; mutilek ordaindu behar zuten, 5 pezeta, eta paparrean papertto bat ipinita dantzan egin zezaketen; ezkongai bihurtu arte norekin-nahi egin ere, gero beti lagun berarekin, bikote eginda beti elkarrekin, ez beste inorekin.
10 eta lasai
Guiomar, Primisen biloba, adi-adi dagokio entzule, harrituxerik. Haren esanetan egiazko alaitasuna dakusa. Amamak sei alaba eta lau seme izan zituen –logelan hiru seaska batera kulunkatzen zituela dio lasai-lasai– eta maiz Sebasekin edota adiskideekin txokorean batean abaltzera edo bazkaltzera joaiten zirela edo bere sukaldean bertan oturuntzak prestatzen zituela dio.
Liberen eta Primisen etxeak beti zabalik egon dira, edonori harrera abegitsua egitekoak, lagunarte gozoan egoiteko tokiak. Mahai inguruan jarri nahi zuenak bazuen leku, ohea behar zuenak ez zuen izarpean lo egingo.
Lehengora bihurtzea
Guiomar betidanik Okondon bizi da, eta garai zaharretako istorioak, jaietako giro alaiak, egunoroko biziera lasaia eta honelakotsuak aditzen dituenean nolabaiteko iñartxia, bekaitza, antzin-mina somatzen du, eta bera bizi den egungo herri hau haiek irudikatzen duten hura ez dela. Oro aldatu da. Maite du bere amamen etxe-maitasuna, eta biek duten bizi-pozarekin bizi-nahia ere maite, beti ikasten, beti gozatzen, beti bizitzen.
“Oraina bizi izaiten zuten, patxadaz, ez ziren barruan gelditzen, gizarteratzen ziren, sarri eta sarritan bizitzen zekiten”, Guiomarrek dio oroimin pittin batez.
Guiomar nerabe zela, udak politak ziren, kalean jendea beti, igeri-tokietan ere asko, eta jaietan areago, noski. Gaur egun, nerabeak beste herri edo leku batzuetara joan ohi dira. Berak, hala ere, itxaropena du: “umetto asko dago, gaxterik ere beredin, eta, agian, haiek lehengo onera itzuliko dira”.
Bideodeia
Primisek aitortzen duenez, etxean hainbat ume izanik, herrian ixtilu edo kalapittarean bat gertatzen zenean, eta auzokoen artean txutxumutxuak zabaltzen zirenean, bera isilik geratzen zen, zeren eta, bai baitzekien, jakin ere, “gure bat edo bat, urlia edo sandia edo berendia urrun ibiliko ez zela”.
Libek 6 birbiloba ditu, 3 eta 3; Primisek 13 bilobetarik 8 neskatila, eta mutilko bat birbiloba, eta hauekin guztiekin gure garai berriotara eta are teknologia berrira ere egokitzen jakin dute, moldatzen eta doitzen joan dira, aldian aldikoa eginez.
Primisek tableta erabilten ikasi zuen, Kultura Etxean; Libek, berriz, alaba bat gaztetatik Londonen bizi denez, gauoro honekin harremanak egin ohi ditu, bideodeiaz.