Bizi bai gosez eta lanez
1932ak inguruan, Esther jaio zenean, Artziniegan ehundaz basetxe zegozen, lurgintzari lotuak, artoa, garia, zuhaina, belarra alegia, eta indabak ekoizten zituztenak.
Senitarteak etxean eta etxean bertan behiak, idiak, ardiak eta urdeak. Urteak joan urteak etorri, biziera aldatuz joan da eta etorri da, industriari esker, batik bat, Aiaralde honetan Tubacex enpresaren lantegi bat, eta Exon eta Oyargar enpresak, besteak beste, eraikiz gero, batez ere.
“Bizitza osoa lan eta lan”. Esther behin edo behin bere sanarraren lekuan jardundakoa da, txerri-hiltzailea baitzen, “larrugilea” esaten zioten, “euskaldunen herrialdera joan zenean, esaterako”, eta bera neskame ere egon zen, Balmaseda edo Getxo aldeko aberatsen etxeetan, kofia buruan eta eskularruak eskuetan.
Bere etxea baino beste etxe gehiago garbitu du, lurra lantzen ere maiz aritutakoa da, La Conchita zaku-lantegian orobat, eta azkenaldietan Tubacex lantegian garbitzaile ibili zen.
Jubilatu eta gero ere, lantegiko buruei kafea prestatzera joan ohi zen, eta bai haiek biloba nagusiari ezkon-jantzia oparitu ere.
Soberan ezer ez, dena bil-bil egiten zen
Esnetan ogi-boskak, eguna hasteko gosaria, goizean goizik. Eguna urratu aitzin, arturratu baino lehen hala egia, emakumeak oherean jaiki eta sukaldera eta sua piztu edo berpiztu, txingar moteldua goritu, eta ziren guztientzako gosaria prestatu. Garbantzuak eta zankarroia Bazko egunetan baino ez, agian iganderean batean ere bai. Etxean, baina, odolesteak, garaian garaikoak, eta mahaian orduan bai bizipoza.
Indabak patatekin egunoro, eta noiz edo noiz, baratzeko barazki bat edo bat bazkaritarako, uda aldean behinik behin.
Bakailaoa arrainetan errege, gazi eta, beraz, iraunkor eta il batzuetan zintzilik egoiten zen, zatika-zatika janez-janez amaitu arte, gezatu eta gero, noski.
“Balmasedara gari apur bat eraman eta txitxarro batzuk ekarten genituen”, eta astean behin Santurtzitik Artziniegara arrain-saltzaile bat etorri ohi zen, sardinak saltzeko. Vicente, senarra, txerri-hiltzaile zelako, Estherren etxean haragia, okela alegia, beti zegoen, guti-asko, eta Lehen Jaunartzea edo ospatzen zenean astokumetto bat hiltzen zuten, ilabetekoa edo, eta txahalkia bezain bigun, xamur eta uxterra.
Haren hirugarren alaba eta auzoko baten bikiak egun berean jaioak dira. Estherrek esnea nahi beste, bularrean, eta Corak behar beste ez. Halatan bada, bi ordurik behin auzokoaren etxera eta “titi bat nirearentzat eta bestea bikientzat”.
Esther Cirión Vela 1932ko udaberrian jaio zen, muga ondoan, Burgosko Artza herrian, haretan ere, Artziniega erdialdetik sei bat kilometrora doi-doi, eta 23 urteko zela handik hona egin zuen bide, ezkondu eta berton geratzearren. Ezkontza Erretes-Tudelan, goizeko zortzietan. Hantxe, epailea, ezkon-ahizpa amabitxi, osaba Valeriano eta gurasoak. Egun haretantxe, haiek beherantz eta “Mari, bentakoa, gorantz, Urrutiarekin ezkontzera”.
Gosaritarako txokolatea eta pastela-tarta bat, emaztegaiak amabitxiarekin labean aurretik egina. Jantzia beltza, ohitura zen bezala, polita, distira askorekikoa, esku ona zuen lehengusina batek josia.
Prakak ez emakumezkoentzat
“Urte asko ez da prakak jantzi nituela”.
Beti gonak, perkalezko gonak, loredunak edo lisak. Behialako emaztekiak hala janzten ziren, eta maiz beltzez, doluz, izan ere, dolua sarritan.
Mendira ere gonekin, egurketa edo gaztaina biltzera, goizean goizik, umeak eskolara baino lehen.
Oinetan espartinak, oihalezko zatak alegia. Orotan oinez, eta herriko jaietan “espartinekin heldu eta plazan dantzan egitearren zapatak jantzi”.
Jotak eta Pasodobleak (urraspikotxak) pilota-tokian
Argazki-oina: Jendea pilota-tokian. Argazkilaria: Isidoro Llantada. Artziniegako Etnografia Museoak utzitako argazkia
Igande arrastirietan dantzaldia. Toninen akordeoiaren soinuaz, itsua bazen ere, edo honegatixe agian, belarriz aditzeko dohain berezia zuena zen, eta Esther, umeak lotan utzirik, dantzara, frontoi ostean zegoen estalpera; berau, urte batzuk geroago luzatu zuten. Ezizenez “El Acordeonista” (Akordeoilaria) esaten zioten.
San Marko eguna berezia zen eta ezkongaien dantzaldia egiten zen, eta nahi zenuenarekin egiteko aukera zegoen. Orduan, Lazaro amabia agertzen zen, zaharo bat eskuan, makila hala egia, “estu-estu hurbilduz gero, banandu eragiteko”.
Eta San Mateo egunean, guztiok Arteko landara. Zeia zen, feria, eta abeltzainak, idiekin eta beste abereekin, erakusgarri, eta salgai bidenabar, Galiza eta Asturies-etik ere etorten ziren. Jai egun handiak haiek.
Saltokiak eta lagunen arteko pixka bat
Erosteko lekua hautatzea bazegoen: Pedro Aginagaren denda, Escoliren taberna-denda –Estherrek bertan zortzi urteaz lan egin zuen zerbitzari–, Angeles la Brujaren janari-denda, Maria Jesusen jantzi-denda, Paredesen okindegia… Eta Marie Brizard edateko tokia ere bazegoen, “bientzat eta igandeetan baino ez”, Manoloren taberna.
“Arteko Birjina, salba nazazu”
1954ko irailaren 8an, Arteko Birjinaren Koroatzeagatik, hainbat egitaldi ospatu zen, eta bildu zen jende multzo handiaren gainera, hegazkiño batzuetarean aurtiki loreak hegan erori ziren. Antzinadanik Arteko Andere Mariaren Santutegi inguruan azoka edo zeia garrantzi handikoa egin izan da.
Gaur egun, egunik handiena irailean, herriko jaietan bigarren larunbatean ospatzen da, herritarrak Arteko landan bazkaritan elkartzen diren egunean, hain zuzen. Gero, fanfarriagaz jeisten dira eta herriko alde zaharretik ibilten dira, eta ur eske aritzen ere bai, eguna bero nonbait, bai eta balkoietatik edo leihoetarean perzkada batzuk ur aurikitzen ere.
Senitartean bezala
Hemen, urte osoan bi mila lagun inguru bizi da, baina uda heldurik kopurua hagitz handitzen.
Garai batean -1753- harresien barruan 67 lagun baino ez zen bizi, baina Esther jaio zenean 800 inguru ziren, eta bost ikastetxe ere bai, hiru hiribarrenean eta bana Erretes-Tudelan eta Campijon.
“Gure garaian jaiotzetik elkar ezagunak ginen, eta beti elkarrekin hitz eta pitz”. Orain ezberdin xamarra da eta gizarteko harremanak ostiraletako pintxo-potean edota hainbat egitalditan esku hartzean dautza, gehienbat: azoka, hitzaldiak, ikusketa antzestuak eta abar.
Alberto Martínez, Tito, Estherren biloba, gaur egungo Artziniegako biziera berrietara egokitua da, eta honela ere bere ikasketak hiriaren antzinako zeretatik bideratu zituen. Historiako hainbat zertzelada daki eta bere blogean, https://arseniega.wordpress.com, horretaz dakien oro jakitera emaiten du.