OROIMENEZ GIDATURIK GOZARTZEKO BIDE BAT

Artziniegan bizi, Bilbon jaio, Deustuko Unibertsitateko Informatika Fakultatearen sortzaile hau Artziniegako tranbiaren historia bitxiaz jakiteko minak hartu zuen. Bi urtez baino gutiagoz ibili zen tranbia hura, haren eritzian, “bilbotarkeria” izan zen, bi gizaseme buruargirena, XIX. mendearen azkenaldian.

“Ganora bagerik egindako zerbait, bideragarri ote zen aztertu ez eta gainera biek euren etxandietako ateetaraino iristeko xedez”, Jose Marik dioenez. Jakin gura eta Alcalá de Henaresko Artxibora heldu zen, Euskadin inoiz ibili izan zen tranbiarik iragankorrenaz gehiago ikastearren.
“Arazorik arazo, eta 1901eko urrian hasarazi zuten, baina hainbatetan errailetatik irten eta bi lagun hil ere bai”.

Tranbiak 14 km.-ko ibilbidea zuen, egunean bost joan-etorri Artziniega erdialderean Sodupera, eta bertoko geltokian Sanandere-Bilboko trenekin batera egiten zuen.
Konpainia, jabe zen baltzua 200.000 pezetako diru-oinaz osatu zen, eskualdeko lagun batzuek erositako 400 akziotan. Lagunotako bat, Eugenio Garai, Artziniegako pilota-tokiaren ondoan dago harriz oroitua, izan ere, garai haietako gizon argitsuetako bat izan zen, herrira ura ekarri zuena eta eskoletxea eraiki zuena ere bada.

Jose Mari Rodriguez-ek oroitzaren zaintzaile goitizena ondo irabazi du. 1800ean Bilbo-Gasteiz ibilaldia egiten zuen diligentziako txartela derakuskigu, 36 eltxiki balio zuena.